| |
|
|
 |
MAIZPIDE
izena, ondoan duen baserriaren izenetik hartu zuen Euskaltegiak, “Maizpi”
baserriaren izenetik. Maiz+bide. Lazkaomendin, Lazkaoko auzoan, diren
“Maiz” izeneko baserrietarako bide.
MAIZPIDE
euskaltegia Eusko Jaurlaritzaren baitako HABE erakundeak eraiki zuen,
eta Euskaltegiaren kudeaketa Goierriko Euskal Eskolan urte askotan lanean
jardun zuen irakasle-talde baten esku utzi.
1988ko apirilean estreinatu edo
inauguratu zen MAIZPIDE, baina historiaurrea kontuan
hartu gabe ez dago MAIZPIDE ulertzerik; beraz, 60ko
hamarkadara gutxienez jo behar da, Orduan agertu baitziren alfabetatzearen
lehen zantzuak Lazkaoko Aita Beneditarren inguruan. Horrek, dudarik
gabe, eman zuen fruitu ugari. Hala, 1975eko uztailean I. Udako Euskal
Ikastaroa antolatu zen, eta 1977an Goiherriko Euskal Eskola sortu zen,
Goierri osoan alfabetatze-euskalduntzea koordinatu zuen eskola. 1982ko
irailean, berriz, urte osoan hasi zen antolatzen ikastaroak barnetegian.
Piskanaka-piskanaka, haziz eta hedatuz joan zen, eta horrela, eta ez
gauetik goizera, zerbitzuz eta baliabidez,giza baliabidez nahiz baliabide
teknikoz, ondo hornitutako MAIZPIDE sortu eta eraiki
zen.
MAIZPIDE
helduen euskara irakaskuntzan diharduen euskaltegia/barnetegia da. Euskaraz
hitz egiten, irakurtzen eta idazten irakatsi eta euskal kultura ezagutzeko
eta sakontzeko aukera eskaintzea da Maizpideren zeregina.
MAIZPIDE euskaltegia Euskal
Herriko bihotzean dago kokatua, Gipuzkoako Goierri eskualdeko Lazkao
herrian, hain zuzen, Donostiatik 42 kilometrora, Baionatik 97ra, Iruñetik
65era, Gasteiztik 77ra eta Bilbotik 86ra.
Lazkaok 5.000 biztanle inguru ditu. Lazkao
herriak, nonahi, aipatu hutsarekin, asko eta askori euskaraz ikasteko
gunea gogorarazten dio. Euskararen berreskuratzeko langintzan, ondo
merezi izandako izen ona du Lazkaok Euskal Herri osoan eta, haratago
joanda, mundu zabaleko hainbat eta hainbat bazterretan, urteetako ahaleginaren
fruitu, herritarren borondate onaren eta euskaltasunaren truke, berezko
nortasuna duen eta euskaraz bizitzeko irrikan dagoen herri baten ahalegina...
horren guztiaren ondorio eta emaitza da MAIZPIDE euskaltegia.
|